hezkuntza ... sormena ... baliabideak ... artea ... diseinua ... komikiak ... bizitza ... ikt ... eta gehiago ...

1 abr 2011

"Daniar ilustratu-albuma" erakusketa Alhondigan

Egun hauetan " Daniar ilustratu-albuma" ikusteko aukera dugu Bilboko Alhondigan. Erakusketaz gain, hitzaldiak egongo dira eta baita ikastaro batzuk egiteko aukera.

Gehiago jakiteko:
http://www.alhondigabilbao.com/
http://www.albumilustradodanes.es/




berria.info-n agertutako artikulua: (2011-04-02)


Danimarkako haur literaturako irudi onenak ikusgai dira Alondegian.

Daniar literaturaren ezaugarriak, tradizioa eta eboluzioa antzeman daitezke album ilustratuen bitartez.

Ione Zuazo, Bilbo

Danimarkako haur literaturako ilustraziorik onenak egongo dira apirilean Bilboko Alondegian. Izan ere, hilabetea literaturari eskaini diote, eta haur literaturaren erreferente izan da betidanik Danimarka. Herrialde horretako album ilustrazioaren tradizioa, eboluzioa eta berpizkundea ezagutaraztea ahalbidetzen du erakusketak.

Danimarkako album ilustratua erakusketak, 92 irudi eta 30 lan ilustratu biltzen ditu, 26 kutxa argiztatutan banandurik. Ibilbide kronologikoa egiteko aukera ahalbidetuko dio bisitariari, irudiok 40ko hamarkadatik gaur egun arteko ikuspegia eskaintzen baitute; lan zaharrena 1943. urtekoa da, eta berriena, 2009koa.
Hemeretzi artistak eginiko askotariko lanak dira: album ilustratuaren tradiziozko klasikoak zein apurtzaileak. Apurtzaileen artean, Dorte Karrebaek-ek ilustratutako Hamlet ipuina dago, adibidez.
Haur literaturan izan ohi den bezala, ilustrazio koloretsu eta biziak dira Alondegian dauden gehienak, eta pertsonaien, objektu bizidunen eta animalien istorioak irudikatzen dituzte. Baina marrazkiok biltzen dituzten gaiak ez dira azaltzen umeen ipuinetan bakarrik, normalean helduentzako liburuetan irakur daitezkeenak ere agertzen baitituzte.
Izan ere, Sarah Maria Bogantes Danimarkak kultura gaietarako duen ordezkariak azaldu duenez, herrialdeko haur literaturak, aberatsa eta denetarikoa izan arren, ezaugarri komun batzuk ditu. Horietako bat, bizitzako gai gehienak jorratzeko joera da, atseginenetatik, zailenetara. Taburik barik, heriotzaren, bakardadearen edo elbarritasunen inguruan hitz egiten diete Danimarkako ipuinek umeei.
Ezaugarri hori antzeman daiteke Hans Christian Andersenen ipuinetan —Danimarkako haur literaturaren aitzindaritzat dute—. Ahatetxo motza edo Sirenatxoa lan entzutetsuak idazteaz gain, Poxpolu kaxa txikia eta gisako ipuinak ere sortu zituen, gizarteari kritika egin eta aldi berean umeei heriotzaz berba egiten dietenak. Berunezko soldadutxoa izeneko lanean, berriz, hanka bakarreko pertsonaiaren istorioa kontatzen du Andersenek.
Bogantesek aipatu duenez, Danimarkako lan ilustratuen kalitate artistiko eta literarioak, helduentzakoak bezain onak dira. Horrela, testua borobiltzen dute teknika ugariren bidez eginiko marrazkiez.

Haur literaturaren eguna
Lanen beste ezaugarrietako bat da irakurle txikiei berba egiteko era. Borantesen hitzetan, erantzukizuna duen, eta bere kabuz pentsatzeko gai den pertsona gisa tratatzen dute umea. «Haurrek eurentzat bereziki egindako arte eta kultura adierazpenen beharra dute». Kontzeptu horrek herrialdeko literaturan eta kulturan isla handia duela adierazi du Borantesek.
Gaur, Andersonen jaiotza datarekin bat, haur eta gazteentzako literaturaren nazioarteko eguna ospatuko dute. Hori dela eta, umeentzako tailerrak antolatu dituzte Alondegiko mediatekan.
Horrez gain, haur literaturari lotutako beste hainbat ekimen egongo dira hilabete honetan. Tailer eta hitzaldi guztiak doakoak izango dira. Apirilaren 7an, 8an eta 14an, adibidez, Aukeraz betetako mundua tailerrean, album ilustratuaren kontzeptua gazteek hobeto uler dezaten, bisita gidatu bat egingo dute erakusketan. Arrainez betetako itsaso bat dago tailerra, berriz, arte ikasleentzako da bereziki. Tailer horretan, Hanne Bartholin ilustratzaile daniarrak hartuko du parte; gaiak, koloreak eta teknikak erabiltzeko formulak irakatsiko ditu.


No hay comentarios:

Publicar un comentario